Edukira joan

SPrako tranbia

Wikipedia, Entziklopedia askea
SPrako tranbia
Audioa
Unai Elorriaga, SPrako tranbia liburuaren pasarte bat irakurtzen.
Datuak
IdazleaUnai Elorriaga Zubiaur
Argitaratze-data2001
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaSPrako tranbia, Un tranvía en SP, Der Traum vom Himmel über Nepal eta Lucas oder der Himmel über Nepal
HerrialdeaEuskal Herria
Orrialdeak153
ISBN978-84-8331-732-7
SariakEspainiako Narratiba Sari Nazionala (2002)

SPrako tranbia Unai Elorriaga algortar idazleak idatzitako lehen eleberria da, 2001ean argitaratutakoa. Gai nagusitzat Lucas izeneko agure baten osasunaren gainbehera du, haren buruko nahasmenarekin batera. Aldi berean, arreba Mariaren eta haiekin etxean bizi den Marcos gaztearen bizipenak kontatzen dira, beste pertsonaia batzuen istorioekin batera. Hari garbirik gabeko pasadizo multzo bat osatuz eta bizitakoaren oroitzapenak eta ilusioak besterik gabe bilduz, eleberriak pertsonaia guztien sentiberatasuna islatzen du, haien guztien ahots apal eta naturalarekin, Lucasen endekatzea ardatz. Horrekin bata, pertsonen arteko harremanak, iragana, gaur egungo gizarte alienatua eta heriotza ere hartzen dira gaitzat. Izenburuko SP siglek Shisha Pangma zortzimilakoari egiten diote erreferentzia,[1] tranbiekin batera Lucasen amets eta ilusio direnak. Elorriagak 2002ko Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen eleberri horrnekin; hala, sari hori irabazi duen bigarren euskal idazlea bilakatu zen, Bernardo Atxagaren ondoren. Gaztelaniazko itzulpena idazleak berak egin zuen.

Ebakuntza eginda eta buruko arazoekin ospitaletik ateratzen da, arreba Maria lagun duela, etxera itzultzeko. Anai-arreba izateaz gainera, adiskidetasun handiko harremana dute elkarrekin, bereziki haien arteko elkarrizketa umoretsuetan islatzen dena. Telebista ikustea gustatzen zaie biei. Etxera iristean Marcos izeneko gazte batekin egiten dute topo, etxea hutsik zegoelakoan sartu dena. Lucasek eta Mariak erabateko naturaltasunez onartzen dute gaztearen presentzia etxean. Marcos kaleko musikaria da, eta Roma izeneko neska gazte batek bere etxeko leihotik ikusi ohi du gitarra jotzen. Harengana hurbiltzeko, Marcos jartzen den lekutik hurbil koadroak jartzen ditu Marcosentzat, harik eta bien enkontrua gertatzen den arte. Maiteminduta, elkarrekin ibiltzen hasten dira. Lucas kalera ateratzen den aldi bakanak ere kontatzen dira, hala nola ziklistak herritik pasatzen ikustera joan baina azkenean horretan huts egiten duenekoa, eta arrebarekin Santu Guztien Egunean kanposantura doazenekoa. Lucasen eta Mariaren familiak Marcos etxean bizitzea begi onez ikusten ez duen arren, haiekin konfiantza handiko harremana ehuntzen joaten da. Roma ere Lucasen etxera etortzen hasiko da. Marcosek lana aurkitzen du bulego batean, eta geroago Romarekin Lisboara joango da plazer-bidaian. Bueltan, Lucasen osasuna makaltzen joango da eta Marcos izango da bereziki Lucas zaintzearen ardura hartuko duena. Azkenean, Marcos Nepalerako bidaia egiten du, Lucasek maiz amets egin duen bezala. Bueltan, Lucas hil egiten dela iradokitzen da kontakizunean.

  • Lucas. Etxean zaintza behar duen agure bat da, gerran ibili eta arotza izandakoa. Ospitaletik aterata, Maria arrebaren etxean bizi da. Zortzimilakoak bereziki gogoko ditu, haren amets eta ilusio dira, eta horri buruzko aipamenak eta erreferentziak, ironiaz zein metaforaz, maiz tonu umoristiko batez, ugariak dira eleberrian. Rosa bere emazte ohia bizirik dagoela uste du, eta berarekin hitz egin ere egiten du, harik eta hil zela konturatzen denera arte. Anjel anaia zenarekin ere gogoratzen da. Oroitzapenetan murgildurik bizi da, eta bereziki garai bateko lagunak eta herriko tranbia gogoratzen ditu. Telebista maiz ikusten du: hor kirolak (olinpiadak, besteak beste) eta dokumentalak ikusten ditu. Txokolatea ere asko gustatzen zaio. Bere bizipenak eta oroitzapenak Lucasen ariketa izeneko ataletan biltzen ditu, kapitulu bakoitzaren baitan, medikuaren aholkuz.
  • Maria. Lucasen arreba da, irakasle izandakoa eta harekin bizi da. Mariaren ipuina delako atalean jasotzen da bere ahotsa modu pertsonalenean, Mariak berak kontatuta. Hor, ama zenaren disziplina estutik ihes egin, bere burua babestu eta irudizko mundura biltzeko, komunera sartu eta han luze egoten zela gogoratzen du, bere oroitzapen eta sentipenetan murgiltzeko. Bereziki bidaiatu beharra maiz sentitu eta trenak hartu eta Parisa doala irudikatzen du ipuin horietan. Bere aita zena ere, idazteko ohitura ere bazuena, maiz gogoratzen du.
  • Marcos. Lucas eta Mariaren etxera besterik gabe bizitzera sartzen den gazte bat da, kalean gitarra jotzen duena. Kalean ezagutu duen Roma Malo izeneko neska gaztearekin maitemintzen da. Roma ezagututakoan, lanpostu baterako frogak gainditu eta bulego batean hasten da lanean. Ondoren, Lisboara aurrena, Romarekin, eta ondoren Nepalera joango da. Lucasekin harreman berezia du bere azken egunetan.
  • Roma Malo. Marcosen neskalaguna. Ginekologoa da lanbidez, baina koadroak margotu ere egiten ditu. Kalean ikusten du Marcos gitarra jotzen eta haren arreta erakartzeko berak margoturiko koadroak uzten ditu bere ondoan. Azkenik, elkarrekin topatu eta maitemindu egiten dira. Lucas eta Mariaren etxera joaten hasiko da, Marcosek lagunduta.
  • Matias. Lucasen antzinako laguna eta tranbia-gidaria. Gaztetan zuzenbide ikasteari uko egin eta tranbietan hasi zen lanean egunero neskak ikusi ahal izateko. Tranbia kendu eta denbora gutxira hil zen.
  • Angel. Lucas eta Mariaren ania, hil egin zen.
  • Anas. Lucas hospitalean zegoenean ondoan zeukan adiskidea.

Zortzi ataletan banatzen da eleberria. Lehenengoan, ospitaleko eszenak garatzen dira; bigarrenean, handi atera eta Mariaren etxera iristen direnekoa (non Marcos aurkitzen duten) agertzen dira. Hortik aurrera, etxeko giro intimistan egunerokotasunera itzulita, atalak bi azpiataletan banatzen dira: egun argia, non egunean pertsonaiei gertatutakoak kontatzen diren, eta iluntzea, non etxeko bizilagunak (Lucas, Maria eta Marcos) elkartu egiten diren, maiz telebistaren aurrean, egunean bizitakoa elkarri kontatzeko.[Tol 1]

Desegituraz egituratutako eleberria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hariaren desegituraketa da eleberria moldatzen duen baliabide nagusietako bat: pasadizo eta eszena solteak, maiz esaldi laburrez kontatutakoak, dira eleberriaren muinari indarra ematen dio elementu testualak,[2] pertsonaia hautsien ahotsa naturaltasunez jasotze aldera. Elorriagak berak azaldu zuenez, tarteka hariak indarra galtzeak eta pertsonaien ahots espontaneoak jasotzeak, pertsonaien ikuskera berezia azaltzea, Lucasen buru-nahasmena batez ere, du helburu. Ildo beretik eleberriaren ahozkotasuna (errepikapenak, esaldi etenak, ...) eta hari nagusirekin loturik ez duten eta naif eta hutsalak diruditen pasadizo eta adierazpenak ere aipatu dira.[3] Oroitzapenak ere modu soltean agertzen dira, han eta hemen, jarraipen logikorik gabe, bizitzaren gainbehera eta oroimena galtzea adierazteko. Desegituratze hori, ordea, itxurazkoa da soilik, eta lotura ilogiko eta harrigarriak, denboren nahasketa eta oroitzapenen hutsaltasuna trebetasunez ehuntzen ditu Elorriagak, zahartzaroak ekarritako buru nahasmenduak islatzeko.[4] Desegituraketa hori indartzen duten elipsiak ugariak dira: eszena solteak irudikatuz eta beste eszenekin eten eginez, narrazioaren denbora-jarraikotasunari uko eginez, plazaratutako eszenak nabarmendu eta narrazioari erliebe ematea lortzen du Elorriagak.[Tol 2]

Errepikapenezko figurak ugariak dira, pertsonaien temak irudikatzeko ("...erretratuak egin behar genituela-eta; badakizu zelakoa den alemana. Erretratu normal bat egin dugu, elkarri helduta. Gero beste bat egin dugu: atzera begira eta prakak jaitsita. Badakizu, alemana. Eulalia andreari bidaliko diola esan digu. Eta badakizu zelakoa den Eulalia andrea")[SP 1] baina baita ere, pertsonaien arteko gatazka puntualak irudikatzeko ("-Ez naiz joango- Marcosek. Deitu behintzat- Mariak. Ez naiz mugituko. Deitu behintzat. Ez dut deituko")[SP 2]. Zahartzaroaren erakusgarri ere bada errepikapena, eleberrian bertan aipatzen denez: "Horixe da adinekoen abilidadea, gauzak hirutan esatea, edo lautan" [SP 3]. Errepikatzen den hori nabarmentzea ere du helburu; kasu horretan ohikoa da nabarmendu nahi dena esaldiaren hasieran jarri, gero horri buruzko xehetasunak eman, azkenik nabarmendu beharreko unitatea errepikatuz bukatzeko;[Tol 3] adibidez, "Ez nuen negarrik egin. Horrexegatik nago horrela. Ez nuen hileta-elizkizunean negarrik egin"[SP 4]. Elipsi gramatikala ere erabiltzen da unitate testualak nabarmentzeko; adibidez, "—Non dago Lucas, Maria? —Idazten. —Zertarako? —Burua ez galtzeko"[SP 5].

Pertsonifikazioa ere agertzen da testuan, modu iraunkorrean gainera; kasu garbi eta usuena don Rodrigo da. Don Rodrigo Lucasek etxeko sitsei batzuetan ematen dien izen propio eta kolektiboa da (—"Zein da don Rodrigo? Etxean ehundaka sits dago. —Baina guztiak dira bat; guztiak dira don Rodrigo")[SP 6]. Sitsak Lucasek bereziki, baina baita bere arrebak ere, nozitzen duten higaduraren adierazpena direla aipatu da.[4]; izan ere, zaharren etxeetan bakarrik bizi dira, Mariaren esanetan. Lucasek don Rodrigorekin hitz egiten duela kontatzen du Lucasen ariketa delako atalean. Lucasek etxean daukan kuku-erlojua ere pertsonifikatu egiten da, metaforatik gertuago bada ere: denboraren eta bizitzaren sinbolotzat erabiltzen da, gertakariak markatu eta iragarri egiten dituena ("Hari begira nengoen aita hil eta kukua gelditu zenean"[SP 7]; "-Galdetu kukuari-haserretu zen Lucas"[SP 8]). Etxeko animalia eta objektuen pertsonifikazio horiek etxekoen eta kanpokoen kontrastea nabarmendu egiten du, etxeko giro intimista eta berezia areagotuz.

Estilo zuzena nahiz zehar estiloak erabiltzen ditu idazleak kontakizun nagusian, eta barne bakarrizketa Lucasen ariketa, Mariaren ipuina eta beste pertsonaien atal pertsonaletan. Estilo zuzena bi eratara gauzatzen da: elkarrizketa-marrarekin gehienetan, baina baita ere narrazioan txertatutako komatxoen arteko esaldiekin.

2008an, Aitzol Aramaiok istorioa zinemara eraman zuen Un poco de chocolate filmaren bidez.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Elorriaga, Unai: SPrako tranbia. Elkarlanean, 2001.
  1. 50. orr.
  2. 133. orr.
  3. 31. orr.
  4. 56. orr.
  5. 50. orr.
  6. 19. orr.
  7. 37. orr.
  8. 41. orr.
  • Toledo Lezeta, Ana Maria: Unai Elorriagaren SPrako tranbia: kontrastea eraikuntza-euskarri. Oihenart, 22, Eusko Ikaskuntza, 2006
  1. 19. orr.
  2. 20-22 orr.
  3. 23-26 orr.
  • Bestelakoak
  1. Elorriaga, Unai. (2008). «Idazlea itzultzaile» Senez (35).
  2. (Gaztelaniaz) Ayala-Dip, J. Ernesto. (2003-04-19). «La fragilidad de la fuerza» Babelia.
  3. (Gaztelaniaz) «Con la palabra y con la imagen: entrevista con Unai Elorriaga» Hipertexto (8).
  4. a b (Gaztelaniaz) Senabre, Ricardo. (2003-05-01). «Un tranvía en SP (crítica)» El Cultural.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]